viernes, 27 de marzo de 2009

4. ariketa:eraginkortasuna saritzen

Gaurko klasean Eficacia sariei begira jarri gara. Ikastaroaren hasieran azpimarratu genuen publizitate jaialdi honen berezitasuna: ez du kreatibitatea saritzen, eraginkortasuna baizik. Eta eraginkortasun horren frogak eskatzen ditu saria ematerako orduan. 2008ko irabazle nagusiak, adibidez, hurrengo frogak eskaini zituen saria eskuratzeko.

Agentziak (edo euren elkarteek) antolatzen dituzte normalean kreatibitate jaialdiak. Sariek prestigioa ematen diete agentziei eta baita kreatiboei ere. Autopromoziorako jaialdiak direla esan daiteke, publizitatearen negozioaren barruan notorietatea lortzeari begira egindakoak. Beste aldetik, publiko orokorraren arreta lortzen da jaialdi hauen bitartez, publizitatearen alde espektakularra eta artistikoa azpimarratuz normalean.

Eraginkortasun jaialdi bat bestelako kontu bat da, ordea. Agentziek beharrean, iragarleek beraiek antolatzen dituzte horrelakoak (Eficacia sarien kasuan, Asociación Española de Anunciantes delakoak). Zergatik? Zer bilatzen da? Zertarako balio du? Zein sektoreri egiten dio mesederik handiena?


Hausnartu honen inguruan.


Iragarleek antolatzen dituzten jaialdi hauetan, beren kanpainan aurrera eramandako marketing plana eta lortutako irabaziak aurkezten dituzte. Jaialdi hauekin iragarleek hoberenak direla erakutsi nahi dute. Honekin batera, beren lehiakideekiko daukaten posizioa ikusteko aukera ona dute. Jaialdi hauek iragarleei mesede egiten die, hauen produktu eta irudia goraipatzea bilatzen baitute. Goraipamena bilatzen dute iragarle eraginkorrena zein den bilatzen dutelako eta hori, irabaziekin guztiz lotuta dago. Guzti honengatik, ikusten den moduan, horrelako jaialdiak iragarleei mesede egiten die.

Eta gero…

Eficacia sarien 2008ko irabazleen zerrenda ere kontsultatu dezakezu, eta konparatu 2008ako iragarleen inbertsio ranking-arekin. Zer nolako harremana ikusten duzu publizitate inbertsio eta publizitate eraginkortasunaren artean? Kasu adierazgarriren bat?


Eficacia sarien 2008ko irabazleen zarrenda eta urte bereko iragarleen inbertsio ranking-a konparatzen baditugu, hainbat gauzetaz konturatuko gara.

Ikus dezakegun bezala, eficacia sarietan urrezko trofeoa irabazi duten lau iragarleak ez dira aurretik aipatutako inbertsio ranking honetan agertzen. Zilarrezko trofeoa lortu duten lau iragarleen artean bi ranking honetan agertzen dira. Hauek Coca-cola eta ONCE dira eta ranking-aren 15 eta 14. posizioan agertzen dira, hurrenez-hurren. ING Direct eta Renault dira brontzezko trofeoa irabazi dutenen lau iragarleen artean 2008ko iragarleen inbertsio ranking-an ikus ditzazkegunak. ING Direct 9. postuan dagoen bitartean, Renault publizitatean gehien gastatu duen 7. iragarlea da.

Konparaketak egin ondoren, adierazgarria da urrezko saria jaso duten iragarleek publizitatean gehien gastatu duten lehenengo 20 iragarleen artean ez egotea. HOnekin batera aipatzekoa da, ranking honetan gehien agertzen den sektorea autoarena dela, 20iragarleen artean 6 auto iragarleak dira (Volkswagen, Renault, Ford, Citroen...).

Gauzak horrela, publizitate inbertsio eta publizitate eraginkortasunaren artean harreman handirik ez dagoela ondorioztatzen dut. Eficacia sarietan komunikazio komertzialaren atalean irabazle atera diren 12 iragarleen artean, bakarrik 4 inbertsio ranking-an agertzen dira. Beraz, publizitatean inbertsio handiak egiteak ez du esan nahi inbertsio hauek eraginkorrak izango direla.

viernes, 13 de marzo de 2009

Aste honetan ez dago klase presentzialik, baina…

Horixe ba, ostiralean, martxoaren 13an, ez dugu elkar ikusiko, baina zure blogak aktibo jarraitu beharko luke aste honetan ere.

Alde batetik, pasa den astean planteatutako hausnarketa bukatu ez baduzu, orain da momentua. Gogoratu sare sozialei begira jarri ginela marketingaren ikuspuntutik. Web-gune honetan bereziki Facebook-en marketing aplikazioei buruz hitz egiten dute.

Bestetik Facebook esperimentua bukatutzat emango dugu. Astebetez lagunak “biltzen” ibili zara. Kontaketa egiteko momentua ailegatu da. Zenbat lagun lortu dituzu? Nola? Zuzenean, lagunen lagunen bitartez, espontaneoki zugana jo dutelako… Zer nolako aplikazioak erabili dituzu? Profila, taldeak, kausak, marketplace, argazkiak, estekak…

Zure Facebook kontu faltsua itxi dezakezu dagoeneko. (Horretarako settings>deactivate account).

Esperimentuaren nondik norakoez hitz egiteko garaia da. Gure esperientzia honek zenbaiteraino jartzen ditu kolokan sare sozialen inguruko ideiak, hau da, beren indarra dagoeneko elkar ezagutzen duen jendearen arteko loturetan dagoela? Zer nolako zalantza etikoak sortzen dizkizute tresna berri hauek? Posible ikusten duzu interneteko sare sozialetan bakarrik oinarritutako marketing kanpainarik, hau da, medio nagusiagoetan (hots, telebistan) agertu gabe? Horrelakorik ezagutzen duzu?


Astebetez facebook sare sozial famatuan lagunak "biltzen" ibili ondoren, 86 lagun lortu ditut. Esperimentua hasi baino lehen bi gauza erabaki nituen lagun gehiago lortuko nituela pentsatuz. Batetik, erabiltzaile kopuru handiagatik, Madrilen zentratuko nintzen. Beraz, unibertsitate bezala Madrilgo konplutensea jarri nuen. Honetan, 500 erabiltzaile baino gehiago daude. Bestetik, mutilei arreta deituko zitzaiela pentsatuz Vanessa izena jarriko nuen. Honetaz aparte, beste web orrialde batetik hartutako neska polit baten argazkiak jarri nituen (4 argazki). Denok dakigun moduan, emakume itsusi eta lodi batekin ez ditugu ezagutzen ez ditugun lagun asko lortzen, gune hauetan fisikoa oso garrantzitsua baita. Argazki hauek jartzeaz aparte, nire profilan mutilagunik gabeko neska nintzela jarri nuen.

Hau eginda, Vanessaren unibertsitate (Madrilgo Komplutensea) berdinera joaten diren erabiltzaileei eskaerak egiten hasi nintzen. Banekien, ipinitako argazkiak direla eta, onartua izateko aukera gehiago izango nituela mutilekin neskekin baino. Mutilak, normalean, gogo handiz onartzen dituzte horrelako eskaerak. Horregatik, egin nituen eskaera guztietatik (100 inguru) ia gehienak (10 izan ezik) mutilei egin nituen. Eskaera hauetatik baietza eman dutenak kenduta, 3 pertsona ezezagunen eskaerak izan ditut. Eskaera egin duten pertsona hauek nire lagunen lagunak dira.

Argi ikusten denez, esperimentu honek sare sozialen ideia hauek (beren indarra elkar ezagutzen duten jendearen arteko loturetan dagoela) kolokan jartzen ditu, ez baititugu gune hauetan lagun ezagunak izan behar lagun kopuru handia lortzeko. Beraz, sare sozial hauek ez dute balio bakarrik elkar ezagutzen duten pertsonak lotzeko, baizik eta elkar ezagutzen ez duten pertsonak ezagutzeko eta harremanak elkarrekin mantentzeko.

Nire ustez, posible izan daiteke interneteko sare sozial hauetan bakarrik oinarritutako marketing kanpaina bat egitea. Sare sozial hauetan urte, sexu, leku... desberdinetako jendea pilatzen da eta ikusi dugunez, pertsona guzti hauen artean mezuak zabaltzeko erraztasuna agerikoa da.

viernes, 6 de marzo de 2009

3. ariketa: Sare sozialen eraginkortasuna

1. zatia: gogoeta

Sare sozialen erabiltzaile zarela jakintzat emanda, gogoeta eskatzen dizut. Marketing ekintza baten parte sentitu izan zara honelako tresna baten bitartez? Hala bada, zein? Ez bada hala, zergatik? Zuk uko egin duzulako edo inoiz aukera hori suertatu ez zaizulako? Burger King-en kasuan bezala, horrelako ekintzen hazkundea aurreikusi daiteke? Edo moda kontua da eta ez da urrunera ailegatuko? Non ikusten duzu sare sozialen abantailarik handiena marketing ikuspuntutik? Eta mugarik argiena?

Ez naiz inoiz sare sozial baten bitartez marketing ekintza baten parte sentitu. Hala ere, egia da, horrelako aukerarik ez zaidala inoiz suertatu. Burger King-en adibide hau ez du zertan ekintza hauen hazkuntza aurreikusten. Nire ustez, moda kontua da.

Marketing ikuspuntutik, sare sozialen abantailarik handiena merkeak direla da. Hauetan kontu bat egitea ez du diruaren aldetik ezer suposatzen, doain baita. Sare sozialen beste erabiltzaile batzuekin kontaktuan jartzea eta mezuak bidaltzea, baita ere, doain da. Hala ere, marketing-a egiteko sare sozial hauek erabiltzen dituzten enpresek kontu handiz ibili behar dira haien produktu eta zerbitzuen inguruko mezuak idatzi eta bidaltzerakoan. Gerta daiteke mezu hauek jasotako erabiltzaileak spam-a dela pentsatzea eta jaramonik ez egitea.

Beraz, sare sozial hauek marketing aldetik erabiltzeko tresna komenigarriak direla esan daiteke doain direlako. Hala ere, kontu handiz ibili behar dira haien benetako intentzioz jendeak ez konturatzeko eta. aldi berean, beren kontuen itxiera ez ikusteko.


2. zatia: esperimentua

Sare sozialak, definizioz, munduko pertsona guztiak konekatuta egon gaitezkeen ideian oinarrituta daude. Zuk lagun bat duzu, eta lagun honek beste lagun batekin konektatzen zaitu, eta hirugarren honek laugarren batekin… bukaera ez duen segida batean. Hala ere, izan daiteke “lehen” lagun horren beharra gabe ere sare birtual bat osatu ahal izatea. Erabiltzaile honek egin duen moduan, Facebook esperimentu bat proposatzera natorkizu. Profil faltsu bat sortuz astebetean zenbat “lagun” lortu ditzakezun probatu beharko duzu. Nola egin?

- Sortu profil faltsua: izena, datuak eta argazkia, zurekin zerikusirik ez dute izango. Benetako email helbide bat behar denez, email berri bat egin dezakezu ere. Profil interesgarri sortzea komeni da, noski.

- Has zaitez lagun eskaerak eginez. Hori egiteko dagoeneko ezagutzen dituzuenengana jo dezakezu (zure benetako identitatea errebelatu gabe, noski), bilatzailean jendea bilatu dezakezu, talde desberdinetako partaideei eskaerak bidali ahal dizkiezu…

- Saia zaitez 100 eskaera egiten.

- Itxaron ezazu astebete, eta datorren ostiralean, honen inguruko hausnarketa bat eskatuko dizut.

- Esperimentua bukatuta, profila borratu dezakezu.

ZORTE ON!

viernes, 27 de febrero de 2009

2. ariketa: Eraginkortasuna eta internet

Zure hamabost minutuko bidaia horretan, dudarik gabe, publizitatearekin egin duzu topo. Gogora dezakezu…

a) Ze publizitate formatu topatu duzun? (banner, pop-up, spam…)
b) Ze markarekin egin duzun topo?
c) Mezu/edukiren batek zure atentzioa deitu du?
d) Publizitatearen aurrean men egin al duzu? Hau da, banner batek proposatzen zizuna jarraitu duzu, iragarle baten webgunera ailegatu zara?

Buelta zaitez orain ibili zaren orri edo dena delakoetara. Erreparatu publizitateari. Hor zegoen, ezta?

e) Zure esperientzia hau eta aurrekoak kontuan hartuta, interneteko publizitateaz ze balorazio egiten duzu? Eraginkorra ote da? Asko/gutxi ikusten da? Erakargarria da? Hausnartu honen ingururan beste medioak kontuan hartuta.


Ariketa hau egiteko bisitatu ditudan webguneetan agertzen den publizitateaz ez naiz oso ondo gogoratzen. Guztien artean bakarrik gogoratzen naiz zinemako kartelera (Ábaco Boulevard)ikustean agertzen zen publizitateaz. Honetan kotxe marka baten bannerra agertzen zen baina ez dut marka gogoratzen. Ikusitako banner honi ez diot kasurik egin.

Bisitatutako web orrialdeetara bueltatzean, hauetan dagoen publizitateaz ohartu naiz. Hauetan bannerrak agertzen dira, orrialdeko edozein lekutan (goikaldean, eskuman...).

Ariketa hau egin ondoren eta nire esperientzia kontutan hartuz, interneteko publizitatea eraginkorra ez dela esan dezaket. Ikusi ditudan web orrialde guztietatik bakarrik orrialde baten publizitateaz gogoratu naiz eta erdixka, ez bainaiz publizitatea egin duen marka zehatzaz gogoratzen.

Interneten agertzen den publizitatea, normalean, erakargarria izaten da (kolore biziak, letra handiak...). Hala ere, publizitatearen erabilera masiboa dela eta, interneteko erabiltzaileek ez diote kasu handirik egiten hauei. Kontutan hartu behar da, interneten sartzean erabiltzaileak webgune zehatz batzuk bisitatuko dituela eta ez duela zertan publizitatea jasan behar. Internet-en ez daude telebistan edo irratian dauden etenaldiak (iragarki etenaldiak).

Interneteko zenbait orrialdeetan agertzen den publizitatea asko bada ere(adibidez, "Marca kirol aldizkaria" http://www.marca.com/), hauek askotan orrialdeetako behekaldean egoten dira. Modu honetan, gerta daiteke web orrialde horren erabiltzaileak orrialdeko beheraino ez iristea eta ondorioz, agertzen den publizitateaz ez ohartzea.

Kontutan izan behar dugu, baita ere, jendea publizitatearen inguruan duen iritzia oso ona ez dela eta internet-en agertzen den edukiaz fidatzen ez dela. Beraz, esan dezakegu, jendea interneten agertzen den publizitateaz gutxiago fidatuko dela.

viernes, 20 de febrero de 2009

1. ariketa: Aurre-hausnarketa bat

Begira zer dioen Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak eraginkortasun hitzari buruz:

iz. 1. Eraginkorra denaren nolakotasuna. 2. EKON. Proiektu baten errentagarritasuna, kostu/irabazi ratioen bidez adierazten dena. 3. ZUZ. Indarrean dagoen lege positiboak arautzen duen arloari egokiro erantzuteko gaitasuna, sarri erabileran eta hiritarren onarpenaz neurtzen dena.

Hiru definizioetatik, zein uste duzu egokitzen dela hobekien Publizitatearen Eraginkortasun kontzeptura?

Iragarki bat “eraginkorra” dela esaten badugu, zer ari gara esaten benetan?

Eta azkenik, gogoan hartu azken bolada honetako kanpaina publizitarioak. Atrebituko zinateke bata edo bestea eraginkorra izan dela esatera? Zein? Eta zergatik?



Nire iritziz, eraginkortasun hitzaren inguruan ikusitako 3 definizioetatik Publizitatearen Eraginkortasun kontzeptura hobekien egokitzen den definizioa bigarrena da.

Jendeak publizitatea egiten du produktu edo zerbitzu jakin baten/batzuen inguruko kontsumoa edo erabilpena handitzeko asmoz. Printzipioz, jarduera hau ordainketa baten truke gauzatuko da eta beraz, iragarleak kostu batzuk izango ditu.

Esan bezala, honen helburua irabaziak lortzea izango da. Irabazi hauek eraginkortasunarekin lotzen ditugu. Iragarle baten irabaziak zenbat eta handiagoak izan, iragarkiak jendearengan orduan eta eraginkortasun handiagoa izango duela esan dezakegu. Beraz, iragarki bat "eraginkorra" dela esaten dugu, iragarki hori jendearengan eragina izan duenean (erosteko eragina).

viernes, 13 de febrero de 2009

Ongi Etorri

"Publizitate eraginkortasunaren baliospena" irakasgaiarako egindako blog-a da hau. Irakasleak astero bidaliko dituen ariketak hemen idatziko ditut. Beraz, ongi etorri nire blog-era.